eu | es | en | fr

Nafarroako Gobernua

Hitzaldi orokorrak

Lyle Campbell

Hawaiiko Unibertsitatea

Biografia

Lyle Campbell (PhD UCLA) hizkuntzalari emeritua da Hawai’i Manoa Unibertsitateko Hizkuntzalaritza Sailean. Hainbat postu bete ditu Hizkuntzalaritzan, Antropologian, Jokaeren Ikerketan edota Ikerketa Latino-Amerikarrak eta Gaztelania alorrean; irakasle gonbidatua izan da Australia, Brasil, Kanada, Finlandia, Alemania, Mexiko eta Espainiako hainbat unibertsitatetan, eta 10 urtez izan zen Hizkuntzalaritza irakasle Zeelanda Berrian. 22 liburu eta 200 bat artikulu argitaratu ditu, eta 18 erredakzio-kontseilutako kide da. Birritan irabazi du LSAren “Leonard Bloomfield Book Award” saria, liburu hauengatik: American Indian Languages (1997, Oxford University Press) eta Historical Syntax in Cross-linguistics Perspective (1995, Alice Harris & Lyle Campbell, Cambridge University Press). Beste hainbat sari eta diru-laguntza ere jaso ditu, tartean NSF (14 aldiz), NEH, Humboldt Stiftung, Fulbright Fellowship, Fellow of the Linguistic Society of America, Collitz Professorship (LSA Linguistic Institute), University of Canterbury Research Medal, edota University of Utah Presidential Professorship. Berak sortu eta zuzendu du (2009-2016 artean) Catalogue of Endangered Languages delakoa (endangeredlanguages.com). Hauek dira bere espezializazioak: hizkuntzalaritza historikoa, hizkuntz dokumentazioa eta galzorian diren hizkuntzak, hizkuntza amerikar-indiarrak (Ameriketako bertako hizkuntzak), tipologia, uralikoa. Oregongo (AEB) landa eremuan hazi zen.



Lola Pons

Sevillako Unibertsitatea

Biografia

Lola Pons Sevillako Unibertsitateko irakasle titularra da egun (Gaztelania, Hizkuntzalaritza eta Literaturaren Teoria Sailean) eta Tübingeneko eta Oxfordeko Unibertsitateetan ere aritu da Gaztelaniaren Historia eta Dialektologia irakasle. 2011. urtean HISTORIA15 taldea sortu zuen, gaztelaniaren historia eta hizkuntz aldaketa ikertzeko, arreta berezia eskainiz XV. mendeko sintaxiari eta diskurtsoaren garapenari. Álvaro de Lunaren Virtuosas e claras mugeres (1446) liburuaren edizioa paratu zuen, Manuel Ariza Vigueraren zuzendaritzapean eginiko bere tesiaren emaitza gisa. Era berean, hainbat liburu idatzi ditu: La lengua de ayer. Manual práctico de historia del español; El paisaje lingüístico de Sevilla. Lenguas y variedades en el escenario urbano hispalense; eta Una lengua muy larga. Cien historias curiosas sobre el español. Bere azken argitalpena Textos para la historia del español bildumaren X. liburukia izan da. Liburua Álvaro Octavio de Toledorekin batera idatzi du, eta Espainiako Independentzia Gerraren garaiko gutun-agirien azterketa linguistikoan datza. Horrez gain, lan batzuk koordinatu ditu: Historia de la lengua y crítica textual eta Así se van las lenguas variando. 2005. urtetik Hizkuntzaren Historiari eta Testu Edizioari buruzko Nazioarteko Jardunaldiak antolatu ditu Sevillan.



Joaquín Gorrochategui

Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

Biografia

Joaquín Gorrochategui Filologia Klasikoan doktore da (Salamancako Unibertsiatea), eta Hizkuntzalaritza Indoeuroparreko katedraduna UPV/EHUn. Ikertzaile bisitaria izan da Aberystwyth-eko Unibertsitatean (Gales), Ausonius Institutuan (Bordele) eta Erromako Tor Vergata Unibersitatean, bai eta irakasle gonbidatua ere ÉPHEn (Paris). Haren ikertzaile jardunean, Antzinateko Europa Mendebaldeko egoera linguistikoa ulertzean jarri du arreta batik bat, oinarrizko hizkuntza-datuak eta datu historikoak bilduaz. Nabarmentzekoak dira haren Onomástica indígena de Aquitania (1984) liburua eta antzinako baskoien nahiz akitaniarren materialei eskainitako artikuluak. Lan ugari argitaratu du Hispaniako epigrafiari eta erromatarren aurreko hizkuntzei buruz, hala nola zeltiberieraz eta lusitanieraz, idazkunen interpretazioez, antzinako hizkuntza-eremuez eta hizkuntzarteko ukipen fenomenoez. Hogei bat libururen argitaratzaile izan da, eta 120 bat artikulu edo liburu-atal idatzi ditu; estatu mailako 12 proiektutako Ikertzaile Nagusi eta nazioarteko proiektuetako kide da. Halaber, Banco de Datos “Hesperia” de Lenguas y Epigrafías paleohispánicas (http://hesperia.ucm.es/) delakoaren koordinatzailea da, Veleia aldizkariaren editorea (1985-2012) eta beste zenbait aldizkaritako erredakzio-kontseiluetako kide, haien artean FLV. Horrez gain, Euskaltzaindiko eta Espainiako Hizkuntzaren Erret Akademiako kide urgazle ere bada.